Gipuzkoako Foru Aldundia

Lehen sektorea etengabeko aldaketa batean dago; ez dugu ahaztu behar industrializazio garaian gertatu ziren aldaketak, Europar Batasunean sartu ginenean gertatu zirenak, eta abar. Beraz, etengabe ari da garai berrietara egokitzen.

Egia da Gipuzkoako orografia tarteko gure baserrietan lan egin eta errentagarritasuna lortzea beste zenbait lekutan baino zailagoa dela. Baina era berean, beste toki batzuek ez daukaten abantaila badugu: merkatu handi baten gertutasuna.

Gure baserriak txikiak dira eta horrek zaildu egiten du merkatuan gure produktuak posizionatzea. Hona hemen erronka: sektorea egituratzea eta salmenta puntuetara modu bateratu batean iristea. Eta horrekin batera, merkatu honek izan dezala gure produktu hauekiko kontzientzia eta sentiberatasuna, alegia, kontsumitzeko jarrera.

Belaunaldi aldaketaren erronka ere hor dago. Baserriko lana oso bokazionala da, baina aldi berean baserriak industria eta beste zerbitzuetako lanarekin lehiatu beharra dauka. Baserriko ordutegia eta urteko lan egutegia, eta industria edo beste sektoreetakoak ez dira berdinak. Aldiz, naturan lan egitea, norberaren negozioa izatea eta beste arlo positiboak ere baditu lehen sektoreko lanak, eta horiek balorean jarri behar direlakoan gaude.

Gipuzkoa osoko ekimena

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoan honako helburua jasotzen du: “Landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea, lurraldeko biodibertsitatea eta paisaiaren inguruko balioak mantentzeko funtsezko bektore gisa”. Izan ere, lehen sektorea estrategikoa da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, jarduera ekonomiko bat delako, enplegua sortzen duelako, lurralde bat kudeatzen duelako, paisaia kudeatzen duelako, herri honen idiosinkrasia eta kulturaren magal delako. Beraz, lehen sektorea bizirik izan nahi badugu sortzen dituen onura guzti horiengatik, bere jarduera indartuko duen edozein ekintza bultzatzen ahaleginduko da GFA. Zentzu horretan, gure baserritarren produktuak balorean jarri eta Gipuzkoako gizarteak produktu horiek kontsumitzeko kontzientzia indartzea sektorea bera laguntzea da.

Gure produktuak kontsumitzearen aldeko ekimen desberdinak bultzatzen ari da GFA, Landa Garapen Elkarteen bidez, Udalekin elkarlanean eta abar. Zentzu honetan, NOTICIAS DE GIPUZKOAren HEMENDIK HONA egitasmoa interesgarria iruditu zaigu, Gipuzkoa osoko ekimen bat delako eta, aldi berean, eskualdez eskualde edo herriz herri garatzen ari garen beste ekimen desberdinen osagarri izan daitekeelako.

Izan ere, tokiko produktuen alde egiteak onurak dakartza, lehenik eta behin, kontsumitzailearentzat berarentzat. Gure baserrietan ekoizten dena kalitateko elikagaiak dira, osasuntsuak, konfiantzazkoak, zapore ederrekoak eta ingurugiroarekin errespetuzkoak (km0). Baina, aldi berean, tokiko produktuak kontsumitzean baserriko jarduera ekonomikoa indartzen edo sendotzen ari gara. Eta horrekin baserritarrek ematen dituzten bestelako zerbitzu eta onura batzuk ere bermatu egiten dira: herri txikiak bizirik jarraitzea edo paisaia txukun bat izatea, besteak beste. Hori guztia hiritarren aisialdi eta gozamenerako.