Marcos_Productor_de_B_1293610.jpg

“Zapore asko duen babarruna da, baina beste produktuekin jartzen bada galdu egiten du”

Marcos Aparola Errenteriako Aparola baserrian babarrun beltza ekoizten duen bosgarren belaunaldiaren parte da. Bere familia 100 urte baino gehiago darama lekale hau ekoizten. 

 

Zenbat kilo babarrun ekoizten duzue urtean?
Normalean 1.500 kilo inguruan ibiltzen gara.

Zenbateko terrenoa duzue kultiborako?
9 hektarea, 95.000 metro karratu. Aparte gazta ere egiten dugu.

Zeintzuk dira babarrunaren kultibo prozesuak?
Maiatzean egiten da normalean. Eta gero udazkenean, urrian, normalean bildu egiten dugu.

Nolako uzta izan duzue aurten?
Zikloa berandu hasi da. Ekaina arte oso eguraldi txarra egin zuen, orduan berandu hasi zen, eta gero hego haizea atera zen irailean, eta zikloa pasa egin zitzaion. Kalitate bezala oso ona, baina kantitate gutxiago. Beste urtetan lehenago biltzen dira eta horregatik moreagoak geratzen dira. Aurten dena beltz-beltza etorri da.

Teknologia aldetik urte hauetan prozesua aldatu egin da?
Hor gabiltza aldatzeko. Sistema hidroponikoa ezarri nahi dugu, tomatearekin asko erabiltzen da. Babarruna da produktu bat urte batean egin, bi urte gehienez ere, eta gero berriz aldatu egin behar dena, bestela gaixotasun batzuk sartzen zaizkio eta askoz gutxiago ematen du. Horregatik, etengabe lekuz aldatu egin behar da babarruna. Horretaz gain, lurrak hemengo atmosferarekin pixka bat kutsatuta ditugu. Horrela, sistema hidroponiko hori lurrean jartzen duzu eta babarrunak eskatzen dituen ongarri guztiak sartzen dizkiozu. Probak egiten ari gara, hori oraindik ez dugu lortu. Tomatetan oso ondo funtzionatzen du.

Nola egiten duzue distribuzioa?
Etxean ontziratzen ditugu babarrunak, dena eskuz egiten dugu. Zuzeneko salmenta egiten dugu merkatuan edo bestela Super Amara bitartez.

Aparola baserrian ere saltzen duzue?
Baserrian zuzenean ez. Lehen gaztarekin eta jarri genuen salmentarako, baina jendea jasotzeko beti prest egon behar duzu saltzeko eta gu nahiko lanpetuta ibiltzen gara eta ez dugu denborarik izaten. Jendea etortzen bada ematen diegu, baina ez da normalena.

Zuen babarruna ondo saltzen da?
Bai, oso ondo. Izena egina dago eta gainera Super Amaran ibiltzen gara, beraz oso ondo. Orain eguraldi hotza etortzen denean berriz, oraindik eta gehiago jango da.

Geroz eta babarrun gehiago ekartzen da kanpotik?
Bai, nik uste geroz eta gehiago ekartzen dela: Leon, Txile, etab. Pena bat da, demostratuta baitago hemengoa baino hobeagoa ez dela inon lortzen. Hemengo babarrun beltzak jateko momentuan ez du azalik.

Nola gustatzen zaizu prestatzea babarrunak?
Babarrun hau bakarrik egin behar da, tipula pixka bat eta berdura pixka bat jartzen diot nik. Egia esan lekale guztiei jartzen diet berdura nahikoa. Hau zapore asko duen babarruna da, orduan beste produktuekin jartzen baduzu bere zaporea galdu egiten da. Nere amonak egiten zuena zen babarruna goizean jarri eta eguerdi arte plo plo plo…, baina nik presio-eltzean egiten dut, eta lehen presio-eltzearen kontra nengoen. Badakit ez ditudala harrek bezain onak egiten, baina babarruna oso ona da.

Geroz eta lekale gutxiago kontsumitzen dela esango zenuke?
Nik uste kontsumoa igotzen ari dela. Ni behintzat urtero gehiago saltzen ibiltzen naiz. Azkenean burdina eta beste hainbat nutriente ditu. Lekale platerkada bat jaten baduzu beteta geratzen zara. Ez da merkea ezta ere, baina 12 eurorekin, kilo batekin, zortzi lagunek jaten dute. Ume eta gazteentzako lekalea ezinbestekoa da.

Merkatura joateko ohitura handia al dago oraindik?
Guk azokan adineko jendea ikusten dugu, baina gazteak ez dira joaten. Katalunian adibidez ohitura tradizionala hemen baino gehiago errespetatzen da eta gazteria merkatura geroz eta gehiago joaten da. Hemen berriz kontrakoa, geroz eta gutxiago; merkatuak modernizatu egin dituzte eta salmentak jaisten joan dira. Hor ikusten dut nik arazoa. Gurasoak etortzen dira eta esaten dute: “Jarri babarruna kilo erdi bat nire ilobarentzako, nire alabarentzako…”. Eta nik pentsatzen dut: “Zein ederki ari garen erakusten gazteriari”. Badakit denboraz urri ibiltzen garela, baina hobe da azokan produktua ikusi eta probatu. Supermerkatura joaten bazara, ordean, dagoena hartzen duzu. Umeei ohitura tradizionalak erakustea ez litzateke gaizki egongo.