NEKAZARITZA2.jpg

Nekazaritza: hondamendi naturalei aurre egiteko ezinbestekoa

Lehen sektorearen aktibitatea lagungarria izan daiteke fenomeno hauen prebentzioan

 

Noizean behin azaltzen dira, batzuetan indar gehiagorekin, bestetan arinagoak dira. Hondamendi naturalei buruz ari gara. Guztion oroimenean daude munduan zehar gertatu diren ezbeharren eragin latza. Lurrikara, uholde edo tsunami bati aurpegia ikusi dionak nekez ahaztuko du. Horrelako fenomenoek hondamendi ikaragarriak eragin ditzakete gizartean eta ingurumenean eta tamaina horretako ezbeharrei aurre egin ahal izateko, tamaina bereko prebentzio-neurri teknikoak behar izaten dira. Fenomeno natural mota asko dagoenez, bakoitzaren hondamendi-arriskua lurraldearen eta giza jardueraren araberakoa da. Izan ere, plangintza desegokia bada, segurtasun-neurri egokiak ez badaude eta larrialdi-planik ez badago, arazo larriak sortu daitezke.

Nahiz eta askotan pentsatu gure lurraldean ez direla gertatuko hondamendi naturalak, Euskal Herria izan zen 2008. urtean estatu osoan hondamendi gehien jasan zuen lurraldea. Uholdeak dira arrisku natural larriena gurean, euriteek ibaien arroak igotzea eragiten dute. Hernanin, esaterako, maiz gertatzen dira uholdeak; azkenekoa 2018. urteko apirilean izan zen, Zubipe futbol zelaia urez gainezka gelditu zenean.

Haizea beste arrisku-faktore bat da Kantauriko kostaldean. Ohiko gertaera bat galerna izaten da, udara aldian gertatzen den fenomeno atmosferikoa. Euskalmetek honela definitzen du: ustekabean eta gogortasunez azaltzen diren itsasoko airearen bat-bateko sarrerak.

Beste mehatxu bat, eta dagokion Larrialdi Plana duena, baso-suteak dira. Euskadin, udazkena eta neguan gertatzen dira batik bat.

Nekazarita eta prebentzioa
Hondamendi natural baten ondoren dauden giza kalteen eta kalte materialen intentsitateak zuzeneko harremana du giza jarduerarekin. Nekazaritza- praktika batzuek lagundu dezakete suteak prebenitzen edo suteen ondorioa murrizten. Landa eremu baten lurrak mosaiko itxura izateak geldiarazi dezake suak aurrera egitea. Horretaz gain, etengabeko zaintzari esker murriztu egiten dira arriskuak. Honela, landa-eremuetako biztanleria aktiboak suhiltzaile lanak egiten ditu. Gizakia bertan dagoenez erantzuna azkarragoa da.

Bestalde, heskaiak haize-babes gisa erabiltzen dira eta landatzeko lurzoruen higadura murrizten dute. Gainera, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak gauzatzeko lurzorua prestatzeko teknika tradizionalek handitu egiten dute lurzoruaren kontserbazioa, honi esker, haizearen eta euriaren higadura saihestea lortzen dute.