vanesa.jpg

Vanesa Barriuso

Vanesa Barriuso, Basitegi baserria, Urnieta: “Maitasunarekin egiten dugu lan oiloak zaintzen eta hori azkenean gure produktuan nabaritzen da”

Bost urte daramatzate arrautzak ekoizten Urnietako Basitegi baserrian eta gaur egun 6000 oilo dituzte, denak Lohmaan Brown arrazakoak.

Zein ezaugarri dute zuen oiloen arrautzek?

Gure oiloak kalera ateratzen dira eta bizi-kalitate oso ona dute, eta hori azkenean arrautzetan nabaritzen da, zaporean eta dentsitatean. Hori da gure arrautzen ezaugarri nagusiena.

Nola bizi dira oiloak?

Gure oiloak aske bizi dira, egunero goizetan atera eta gauetan bakarrik sartzen dira barrura. Beren bizitza kalean egiten dute.

Zenbat oilo dituzue?

6000 oilo ditugu.

Zein arrazako oiloak dira?

Normalean bi edo hiru arraza erabiltzen ditugu. Gureak, aurtengoak, Lohmaan Brown arrazakoak dira.

Zer behar du oiloak gustura egoteko?

Oiloek gustura egoteko behar dute lasaitasuna, aske bizitzea, barrura eta kanpora ateratzea nahi duten adina eta ondo jatea.

Zenbat denbora bizi izaten da oilo bat eta noiz arte erruten du?

Gure kasuan oiloak 17 asterekin hartzen ditugu. Erruten batzuk lehenago hasten dira eta beste batzuk geroxeago. Etorri eta 20 edo 30 egunetara hasten dira arrautzak jartzen, hor ibiltzen dira. Hortik ziklo bat egiten dute, 13 hilabetekoa hemen.

Nola aldatu da arrautzaren ekoizpena urte hauetan?

Nere ustez gaur egun garrantzitsua da egon den aldaketa hori, oiloak kanpora ateratzea eta aske egotea. Nabe barruan ere aske daude, kaiolarik ez dago, eta egunero ematen zaie aukera kalera ateratzeko.

Baserri honetan noiz hasi zineten arrautzak ekoizten?

Gu Basitegin 2013an hasi ginen, martxoan. Oilategiarekin eta arrautzen gaiarekin bost urte daramatzagu dagoeneko.

Gaur egun ekoizpen sistemak nola funtzionatzen du?

Euskaber elkartean 25 baserritar inguru gara (askatasunean bizi diren oiloak hazten eta zaintzen dituzten baserritarren taldea). Zaldibian daukagu egoitza, arrautzak hara bidaltzen ditugu, han ontziratzen dira, markatzen dira eta distribuzioa merkatura egiten da.

Zer da zure lanbideaz gehien gustatzen zaizuna?

Gehien gustatzen zaidana daukaten askatasuna da. Egin behar dena egiten du, baina nire erara egiten dut. Ordutegi aldetik ere, nire semeekin egoteko, Ikastolara eramateko, etortzeko eta zaintzeko ematen diten aukera. Hori beste lanbideetan askoz zailagoa izaten da.

Zure lanean zertaz zaude harro?

Ni harro nago produktu on bat egiten dugulako. Maitasunarekin egiten dugu, oilo pila bat zaintzen ditugu, egunero gaude zaintzen, eta hori azkenean gure produktuan nabaritzen da.